XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hegoaldeko goinafarreraren Iruñerriko azpieuskalkian idatzita zegoela zioten, desagertzeko zorian dagoen azpieuskalkian beraz, baina balio literario eskasekoa zela. Hirugarren gaia saririk gabe gelditu zen, aurkeztu zen lan bakarra Nere negarra ez zelako proposatutako gaiari buruzkoa.

Sarien ematea Gaiarre Antzokian izan zen, eta bertan bildu ziren hiriburuko jaun-andere dotoreen eta prestuenak. Saridunek Santa Cecilia Orkestra eta Iruñeko Orfeoiaren interpretazioen ondotik hartu zituzten merezimenduzko oroitgarriak, eta amaieran Pablo Sarasate bibolinjole entzutetsua azaldu zen eszenatokira, ustekabean, eta hainbat musika pieza jo zituen, txalo zaparraden artean.

Hurrengo urtean berriro Iturralde Suit izan zen lehiaketa udalbatzarraren aurrean proposatu zuena, eta otsailaren 24ean aho batez onartu zen ideia. Jaien Batzordeak apirilaren 10ean eman zuen aditzera deialdia, aurreko urtekoa baino zabalagoa gaien kopuruaz ari garelarik. Euskarazkorik bi bakarrik atera ziren, hala ere. Bat Nafarroako historian edo pertsonaiaren batengan oinarritutako lana, olerkia zein prosa, eta bestea Ameriketako emigrazioak eskaintzen dituen miserien aldean Euskal Herriko baserrien onurak kantatzeko poesia bukolikoa.

Oraingoan Serafin Baroja Pio Barojaren aita, Joaquin Gaston, Bruno Etxenike eta Damaso Legaz izan ziren epaimahaikideak. Euskarazko sailetan lau lan aurkeztu ziren. Karmelo Etxegaraik jaso zuen aipatu lehen sailean saria, Pedro Bereterrekoari lanarengatik, eta beste sailean aurkeztutako hiruek sari bana jaso zuten: Felipe Arrese Beitiaren Baserritar baten kantuak lehena, Claudio Otaegik akzesita Zoriontasuna lanarengatik, eta Etxegaraik, berriro, ohorezko aipamena, Euskal-herrian sortzen, Ameriketan iltzen idazkiarekin.

1884ko deialdian hiru izan ziren euskarazko gaiak: Euskarazko odak Karmelo Etxegaraik irabazi zuen Euskara ill ezkero lanarekin, eta Claudio Otaegiri akzesita eman zioten Euskarari kantatxoa idazkiarengatik; euskal ohituran oinarritutako kondaira Etxegaraik berak irabazi zuena, Bizi bedi Nafarroa lana aurkeztuta eta koadro dramatikoa, gai librean Victoriano Iraolaren Lendabiziko saiua idazkiak akzesita baino ez zuen merezi izan.

Hurrengo urtean jenero heroikoa, jenero bukolikoa eta poesia sarituko ziren. Arrese Beitia eta Etxegarai dira, berriro ere, sarituak, lehena jenero bukolikoko Antxinako denporan lanarengatik.